Elhuyar Fundazioaren Basque Research web guneak diseinu berria eta atal
berriak ditu. Web gune berriak AA irisgarritasun-maila lortu du.
Duela bost urte, Basque Research web gunea sortu zuen Elhuyar
Fundazioak, Euskal Herriko ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren
erakusleiho izateko helburuarekin. Bide horretan aurrera egiteko,
dagoeneko diseinu berria eta atal berriak estreinatu ditu www.basqueresearch.com
web guneak. Web gunearen atal nagusiak Berriak, Agenda, Elkarrizketak,
I+G+B direktorioa, Web gune interesgarrien zerrenda, Tesi Saria,
Nazioarteko sarea eta Estatistikak dira, besteak beste.
Diseinu-aldaketa hiru beharrek eragin dute, nagusiki: Basque Researchen
itxura eta edukiak eguneratzea, batetik; irisgarritasunaren beharrei
erantzutea, bestetik; eta, Web 2.0ren bidetik, erabiltzaileei parte
hartzeko aukera eskaintzea, azkenik. Horretarako, atal berriak sortu,
elementu grafikoak indartu, menuen antolamendua aldatu eta edukiak
informazio osagarriz hornitu dira (irudiak, bideoak, audioak,
dokumentuak).
Basque Research-ek izango dituen atal berrien artean, elkarrizketen atala nabarmendu behar da. Atal horretan, Elhuyar Zientzia eta Teknika
aldizkariko elkarrizketak argitaratuko dira hilero hiru hizkuntzatan
(euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), argazki eta guzti. Horretaz
gain, Berriak atalean iruzkinak bidaltzeko aukera izango dute
erabiltzaile guztiek; hala, haien parte-hartzea bultzatuko da eta
argitaratutako berrien inguruan duten iritzia jaso ahal izango da.
Azkenik, AA irisgarritasun-maila lortzeko programazio-aldaketak egin ditu Elhuyar Fundazioak.